BERTSOLARITZA ESKOLAN

2006-11-29

Mainontzi, bertsolaritzaren mahai jokoa


Bertsolaritzaren mahai jokoa osatu du Lankuk. Lankuren webgunean eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Durangoko Azokan jarriko duen erakusmahaian egongo da salgai, 35 eurotan. 12 urtetik aurrerakoentzat da.
Atzo aurkeztu zuten Donostian prentsaurreko batean. Jokoaren funtzionamendua erraza omen da. Jokalariak sei izan daitezke gehienez. Horietako bakoitza euskarri edo maina baten jabe izango da, eta zenbait ataletako galderei egoki erantzun beharko die. Hori eginez gero, peoi bana sartuko du euskarriaren barruan. Sei peoi lortzen dituenak irabaziko du.
1.800 galdera prestatu dituzte guztira, eta hiru mailetan banatu, "zailtasunaren arabera". Hortaz, seiehun maila bakoitzeko. "Maila bateko galderek zailtasun txikia dute. Besteek, ertaina, eta badira, halaber, zailtasun handikoak"
Kaxaren tamaina ez omen da handia, "Olentzeroren zakuan sartzeko modukoa".
Gehiago jakin nahi? Sartu hemen.

2006-11-26

Iazko bidaia gogoan


2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko lana argitaratu dute Lanku eta Bertsozale Elkartearen artean.
400 orrialdeko liburuan, 545 bertso, 100 argazki eta 10 iritzi-kritika. Gainera 2 KD ere bai, 33 bertsoaldirekin.
Txapelketako une ederrenak gogoratzeko ezinbestekoa.

2006-11-24

Bitxikeria

Aurreko post batean bertsolaritza klasean lantzearen aldeko arrazoiak eman nahian ibili nintzen, eta baita batzuk aipatu ere. Baina hala nola aste hontan bertan pasadizo bat gertatu zaidan neure ikasleekin.
Astero bezala bertsolaritza lantzen ari ginen Oihane bertsolariarekin, eta klasearen amaieran okurritu zitzaidan honi komentario bat egitea:
- Aizu Oihane, zuk bai meritoa! Ez duzu ba hiru ordu laurdeneko saio baten nik edozein ikasgaitan ordubetean egiten dudana baino gehiago lortu. Neurekin hartu beharko zaitut matematika eta holakoak emateko.
Honen erantzuna irrifartxo bat besterik ez zen izan, baina Peio, gelako azkarrenetariko bat erne zen une hartan ere, eta bertsolari fin baten modura prest erantzuna:
- Aizu Joxe, zer uste duzu ba? Bertsolaritza "guai" da eta; eta matematikak berriz "kaka" bat.
Gerora, pasadizo honetaz pentsatzen aritu naiz eta ondorio bat atera ere bai: aurreko post hartan arrazoi inportanteena aipatzea ahaztu zitzaidala: umeen MOTIBAZIOA.

2006-11-22

BlinkList

Gaizki ulertu ez badut, BlinkList-en kontu pertsonala sortu ondoren post batean honen berri emateko agindu digute. Nik egin dut nirea eta, trasteatzen ibili ondoren, hainbat web gune gorde ditut bertan. Oso gutxi dira oraingoz, baina aurkitu ahala kopurua handitzen joango naiz. Nire "favoritoetan" asko ditut, baina ez dute gehienek behintzat zerikusirik nire blogaren gaiarekin eta ez ditut hemen sartu.
Bestalde, oso interesgarria iruditu zait tresna berri hau, eta aurrerantzean erabiliko dudalakoan nago. Poliki- poliki bagoaz gauza berri eta interesgarriak ikasten eta hau ere horien artean sartuko nuke nik.
Aurrera ba, lankideok!

2006-11-19

Bertsolaritza ikasgelan, zertarako?


1. Euskara aberasteko. Hitzen jolasa denez izugarri aberasten da hiztegia, egoera bakoitzari buruz hitz aproposak aukeratzera behartzen gaituelako.
2. Hikuntzaren erregistro ludikoaz, ez formalaz jabetzeko. Edozein gairi buruz ari zaitezke eta bizi dituzun egoera guztiak izan daitezke aproposak bertsoak egiteko.
3. Memoria lantzeko. Gaitasun hau baztertzeko joera dago hezkuntza modernoan, baina badakigu beharrezkoa dela bere garapena ere. Bertsoak eta koplak buruz ikasiz memoria lantzeko aukera hor dugu.
4. Pentsamendua egituratzeko. Bertsoak mezuak emateko egiten dira eta horretarako burua estrukturatu egin behar du ikasleak, logika erabiliz.
5. Sormena garatzeko. arrazoiak ematerakoan argibide gisara adibideak jarriz, konparazioak eginez edo egoera bereziak imaginatuz.
6. Jende aurrean hitz egiten ohituratzeko. Egindako produkzioak jende aurrean kantatuz, gela barruan batzutan eta jendetza baten aurrean bestetan, ikastolako jaialdietan esaterako, lotsak gainditzea lortuko da.

2006-11-16

Ni ere bertsolari: ekintzen sekuentziazioa

Hauek izango dira ikasgelan lehen hiruhilabetean egingo ditugun jarduerak. Askotxo dira eta aukeraketa bat egitea ezinbestekoa gertatuko zaigu. Ez ahaztu lehen atal honetan (bertsoen prestaketan eta trebatze lanetan) bertsolari baten laguntza dugula eta programaketa Bertsozale Elkartearena dela. Bakoitzari berea.

Ipuina bertsotan

- Helburua: Bertsoak egiteko arauak ezagutzea gabonetako saioa prestatzeko.
- Bertsoekin lehen kontaktua.
a) Puntuka errimatu gabe, guztiek ezagutzen duten doinu bat baliatuz.
b) Pilota partida: Bi taldetan, bakoitzari oin bat eman eta erreleboka lasterketa egin dezatela, arbelean hitz horrekin errimatzen duten hitzak jarriz.
c) Talde bakoitzak bere oinekin esaldi errimatuak burutu.
d) Esaldi errimatuak bertso bihurtu arbelean, bertsolariaren laguntzaz.
- Errimak urperatu jolasa.
a) Errimatzeko arauak azaldu.
b) Famili fonetikoak azaldu eta komentatu.
c) Bi taldetan jarrita Errimak urperatu jolasera jolastu.
- Bertso bat egin guztion artean.
a) Atzekoz aurrerako teknika esplikatu, ahal bada demostrazio batekin.
b) Bertsolariaren laguntzaz, beste gelakoak zirikatu, haientzako propio jarritako bertso baten bidez.
- Kopla txikitik Zortziko txikira (mailaren arabera zati hau luzatu egin beharko da)
a) Kopla txikiko doinu bat ikasi: furra-furra
b) Klase hasieran beroketa ariketak egin.
c) Oinak emanda kopla txikiak/Zortzikoak egin intereseko gaien inguruan.
- Maitasuna bertsotan: Bertso arrosak
a) Z. Txikiko doinu bat ikasi: ” Triste bizi naiz eta”.
b) Bilintxen bizitza eta pasadizoak kontatu.
c) Bukaera eta oinak emanda bertsoa osatu binaka.
d) Gelakideen aurrean kantatu.
- Zortziko txikiak landu
a) Zortziko txikiko doinu berri bat:” Markosek egin eban.
b) Hutsuneak betetzeko ariketak zortziko txikian.
c) Txanogorritxuren ipuina bertsotan kantatu.
d) Ipuin ezagun bat hartu eta 5-6 sekuentzietan banatu.
e) Sekuentzia bakoitzari dagozkion bukaerak eta oinak jarri guztien artean.
f) 5-6 taldetan talde bakoitzak dagokion sekuentziaren bertsoa egin.
g) Bertsoak ikasi, Gabonetan txikiagoei kantatzeko.

2006-11-15

Ni ere bertsolari: helburuak eta metodologia


Hemen duzue gure proiektuaren lehen fasearen oinarria. Gogoratu lehenik eta behin, eta Testu telematikoak proiektuarekin lanean hasi aurretik, bertsolaritzaren inguruan prestaketa bat egiten dugula neska mutilekin. Aurreko batean aipatu nizuen bezala, bertsolari baten laguntzaz baliatzen gara lan horretarako, Oihane Perea gasteiztarra, izan da aurten gure artean dabilena, eta aipatzekoa da gure txikiak oso gustura eta motibatuta ikusten ditugula berarekin. Esan beharrik ez dago zein garrantzi izaten duen irakaslearen paperak arlo honetan, eta Oihanerekin bete-betean asmatu dugu.

1. HELBURUAK

1.1. Hizkuntzari eta kulturari dagozkionak

- Bertsogintzaren eta ahozko euskal literaturaren ezagutza bultzatzea.

- Bertsozaletzea, beraien ingurunean ere tradizio honen transmisioa bermatua izan dadin.

- Ikasleen ahozko adierazpidea aberastea, hiztegia, sormena, irudimena, diskurtsoaren antolaketa... e.a. landuz.

- Komunikazio estrategia arrakastatsuak lantzea, komunikazio egoera errealak erabiliz eta hizkuntzaren funtzio aniztasuna landuz: pertsonak hunkitzea, barre eginaraztea, norbere alde jartzea, deskribatzea, iritzia ematea, zerbait kontatzea ...

- Euskararen erabilera sustatzea, hain formalak ez diren hizkuntza erregistroak, lagun artekoak, ezagutuz eta erabiliz, eta euskararekiko jarrera positiboago bat hartu araziz.

1.2. Bertsogintzari dagozkionak

- Ikasleak bertso bat idatziz egiteko gai izatea

- Bat-batean piezak osatzeko gai izatea

- Jarduera gero eta autonomoagoa lortzea, bertsoak egiteko prozedurazko edukiak barneratu eta aplikatuz.

- Bertsoen balio anitzak barneratzea: Kontatzeko, eskatzeko, aldarrikatzeko, zirikatzeko, barre eginarazteko... bertsoa komunikatzeko tresna bezala ulertzea.

- Bertsoei funtzionalitatea ematea klaseko eta eskolako jardunean.

- Gelako tutorea bertsogintzaren irakaskuntzan trebatzea tailer horretan bertsolariarekin batera egindako elkarlanaren bidez.

2. METODOLOGIA

- Jardueraka lan egitea izango da metodologiaren funtsa

- Haurrek zeregin praktiko bat ikusi behar diote egiten ari diren lanari, horregatik, ahal den guztietan klasean egingo ditugun bertsoak jendaurrean kantatuko dituzte.

- Eskolako festa eta egun berezien inguruan antolatuko ditugu Jarduerak, eta askotariko komunikazio egoeratako bertsogintza landuko dute: Ipuin bat kontatzea, , Pertsona berezi batentzako eskaintza bertso bat egitea, Irratsaio batean parte hartzea, Erantzungailuan jartzeko bertso bat prestatzea, bertso idatzien sariketa batean parte hartzea, kurtso bukaerarako emanaldi bat prestatzea...e.a.

- Haurren jakinmina asetzeari lehentasuna eman, ekartzen dituzten galdera eta kontuak argitzeko.

- Egunerokotasuna baliatu, bertsolaritza munduko aktualitatea, hedabideetako berriak eta programa bereziak...e.a.

- Talde lana eta ludikotasunari lehentasuna eman eta guztien partehartzea bilatu, bakoitzaren ahalmenen arabera. Jolas moduko iharduerak egin

- Eskolako curriculum edukiak txertatu aukera ikusten den orotan, bertsogintza tailerrean ateratzen diren gaiak eta beste ikasgai batzuetakoak harremanetan jarriz (tutoreak egin beharrekoa)

Hurrengo batean zehaztuko ditut edukiak eta hauen sekuentzializazioa.


2006-11-12

Lanku

Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko sortu duen enpresa bat da LANKU. Era askotako zerbitzuak eskaintzen omen ditu, besteak beste bat-bateko bertso-saioak, hitzaldiak, ikastaroak, ekimen didaktikoak, azpiegiturak, bertso-antzerkiak ...
Interesik? Ba, sartu hemen www.lanku.com

Gure proiektuaren gidoia

Aurreko post batean azaldu nuen bezala, blog honen helburua gure ikastetxean azken urteotan martxan daramagun proiektu edo esperientzia baten berri ematea da: bertsolaritza eta informatika. Proiektu hau, zabalagoa den beste baten barruan kokatuta dago, nire lankidea den Karmele Garcia, bere blogean hain txukun aurkezten ari den Testu telematikoak proiektuan, hain zuzen ere.
Aurrerago, atalez atal, azalduko ditut gure esperientzi honen zehaztasunak eta nondik norakoak.

Hona hemen, laburbilduz, ezaugarririk garrantzitsuenak.

- Nori zuzendua: Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleak.

- Helburuak: Euskararen erabilpena eta kalitatea hobetzea gure ikasleen artean, lan horretarako teknologia berriak aplikatuz.

- Faseak

1.fasea: Bertsoen lanketa. Urritik abendura eta bertsolari baten laguntzaz. Gela barruko lana izango da. Ikasleei bertsoak kantatzen, neurtzen, osatzen, asmatzen erakutsiko zaie. Horretarako bereziki prestatutako liburuxka bat erabiliko dute. Astero ordubeteko saioa emango diogu zeregin honi.

2.fasea: Bertso telematikoak. Otsailetik maiatzera eta informatika gela erabiliz. Testu telematikoak proiektuaren barne, aurreko fasean gela barruan ikasitakoa erakutsi beharko dute orain ikasleek. Talde txikiak osatuko dira eta "ofizio" bat emanez, bertsoak asmatu beharko ditu talde bakoitzak. Posta elektronikoa erabiliz bertso hauek beste ikastetxe batera bidaliko dira, haiek lehen bertso honen erantzuna edo jarraipena asmatu dezaten. Horrela jarraituko da, lan kolaboratiboan, ofizio bakoitzeko lau bertso osatu arte.
Azkenean, ikastetxe eta ikasle talde ezberdinen artean egindako produkzioak Power Point programaren bitartez aurkeztuko dira. Horretarako, testuaz gain, ahotsa eta irudiak ere txertatuko dituzte. Azken produktu hauek gure web gunean jarriko dira denen gozamenerako.

Hurrengoetan jarraituko dut gehiago zehazten.

2006-11-10

Cubako bertsolariak


Nork esango Cuban ere bertsolariak aurkituko genituela... Hara ba, hori ere aurki daiteke Youtuben.

Beste aukera bat


Nire bloga nola edo hala osatu eta bete nahian nabil, baina ideiak ordenatzen... nahiko lan. Bitarte horretan, zerutik eroria bezala, hor non datorkidan nire lankidea den Mertxe Sainz andereñoaren laguntza. Arrasaten sortutako web gune interesgarri baten berri eman zidan. Besteak beste, bertsoak enkarguz egiteko zerbitzua eskaintzen omen du. Aizu, premian aurkitu ezkero... ez dago gaizki.
http://www.txatxilipurdi.com/bertsojartzaile/bertsojartzaile.htm

2006-11-03

Definizioa


Horra hor Bertsolaritzari buruz aurkitutako definizio sinple eta egoki bat. Gainera non aurkituko eta...Wikipedian.
Bertsolaritza abestuz, errimatuz eta neurtuz burutzen den berbaldi bat
Xabier Amurizaren ahotan:

Neurriz eta errimaz
kantatzea hitza
horra hor zer kirol mota
den bertsolaritza

2006-11-01

Web interesgarria

Gaiari heldu eta hasiera emateko, besterik ez bada ere, hor doa bertsozale guztientzat webgune interesgarri bat.
www.bertsozale.com