BERTSOLARITZA ESKOLAN

2006-11-15

Ni ere bertsolari: helburuak eta metodologia


Hemen duzue gure proiektuaren lehen fasearen oinarria. Gogoratu lehenik eta behin, eta Testu telematikoak proiektuarekin lanean hasi aurretik, bertsolaritzaren inguruan prestaketa bat egiten dugula neska mutilekin. Aurreko batean aipatu nizuen bezala, bertsolari baten laguntzaz baliatzen gara lan horretarako, Oihane Perea gasteiztarra, izan da aurten gure artean dabilena, eta aipatzekoa da gure txikiak oso gustura eta motibatuta ikusten ditugula berarekin. Esan beharrik ez dago zein garrantzi izaten duen irakaslearen paperak arlo honetan, eta Oihanerekin bete-betean asmatu dugu.

1. HELBURUAK

1.1. Hizkuntzari eta kulturari dagozkionak

- Bertsogintzaren eta ahozko euskal literaturaren ezagutza bultzatzea.

- Bertsozaletzea, beraien ingurunean ere tradizio honen transmisioa bermatua izan dadin.

- Ikasleen ahozko adierazpidea aberastea, hiztegia, sormena, irudimena, diskurtsoaren antolaketa... e.a. landuz.

- Komunikazio estrategia arrakastatsuak lantzea, komunikazio egoera errealak erabiliz eta hizkuntzaren funtzio aniztasuna landuz: pertsonak hunkitzea, barre eginaraztea, norbere alde jartzea, deskribatzea, iritzia ematea, zerbait kontatzea ...

- Euskararen erabilera sustatzea, hain formalak ez diren hizkuntza erregistroak, lagun artekoak, ezagutuz eta erabiliz, eta euskararekiko jarrera positiboago bat hartu araziz.

1.2. Bertsogintzari dagozkionak

- Ikasleak bertso bat idatziz egiteko gai izatea

- Bat-batean piezak osatzeko gai izatea

- Jarduera gero eta autonomoagoa lortzea, bertsoak egiteko prozedurazko edukiak barneratu eta aplikatuz.

- Bertsoen balio anitzak barneratzea: Kontatzeko, eskatzeko, aldarrikatzeko, zirikatzeko, barre eginarazteko... bertsoa komunikatzeko tresna bezala ulertzea.

- Bertsoei funtzionalitatea ematea klaseko eta eskolako jardunean.

- Gelako tutorea bertsogintzaren irakaskuntzan trebatzea tailer horretan bertsolariarekin batera egindako elkarlanaren bidez.

2. METODOLOGIA

- Jardueraka lan egitea izango da metodologiaren funtsa

- Haurrek zeregin praktiko bat ikusi behar diote egiten ari diren lanari, horregatik, ahal den guztietan klasean egingo ditugun bertsoak jendaurrean kantatuko dituzte.

- Eskolako festa eta egun berezien inguruan antolatuko ditugu Jarduerak, eta askotariko komunikazio egoeratako bertsogintza landuko dute: Ipuin bat kontatzea, , Pertsona berezi batentzako eskaintza bertso bat egitea, Irratsaio batean parte hartzea, Erantzungailuan jartzeko bertso bat prestatzea, bertso idatzien sariketa batean parte hartzea, kurtso bukaerarako emanaldi bat prestatzea...e.a.

- Haurren jakinmina asetzeari lehentasuna eman, ekartzen dituzten galdera eta kontuak argitzeko.

- Egunerokotasuna baliatu, bertsolaritza munduko aktualitatea, hedabideetako berriak eta programa bereziak...e.a.

- Talde lana eta ludikotasunari lehentasuna eman eta guztien partehartzea bilatu, bakoitzaren ahalmenen arabera. Jolas moduko iharduerak egin

- Eskolako curriculum edukiak txertatu aukera ikusten den orotan, bertsogintza tailerrean ateratzen diren gaiak eta beste ikasgai batzuetakoak harremanetan jarriz (tutoreak egin beharrekoa)

Hurrengo batean zehaztuko ditut edukiak eta hauen sekuentzializazioa.


0 Comments:

Post a Comment

<< Home