BERTSOLARITZA ESKOLAN

2006-11-12

Gure proiektuaren gidoia

Aurreko post batean azaldu nuen bezala, blog honen helburua gure ikastetxean azken urteotan martxan daramagun proiektu edo esperientzia baten berri ematea da: bertsolaritza eta informatika. Proiektu hau, zabalagoa den beste baten barruan kokatuta dago, nire lankidea den Karmele Garcia, bere blogean hain txukun aurkezten ari den Testu telematikoak proiektuan, hain zuzen ere.
Aurrerago, atalez atal, azalduko ditut gure esperientzi honen zehaztasunak eta nondik norakoak.

Hona hemen, laburbilduz, ezaugarririk garrantzitsuenak.

- Nori zuzendua: Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleak.

- Helburuak: Euskararen erabilpena eta kalitatea hobetzea gure ikasleen artean, lan horretarako teknologia berriak aplikatuz.

- Faseak

1.fasea: Bertsoen lanketa. Urritik abendura eta bertsolari baten laguntzaz. Gela barruko lana izango da. Ikasleei bertsoak kantatzen, neurtzen, osatzen, asmatzen erakutsiko zaie. Horretarako bereziki prestatutako liburuxka bat erabiliko dute. Astero ordubeteko saioa emango diogu zeregin honi.

2.fasea: Bertso telematikoak. Otsailetik maiatzera eta informatika gela erabiliz. Testu telematikoak proiektuaren barne, aurreko fasean gela barruan ikasitakoa erakutsi beharko dute orain ikasleek. Talde txikiak osatuko dira eta "ofizio" bat emanez, bertsoak asmatu beharko ditu talde bakoitzak. Posta elektronikoa erabiliz bertso hauek beste ikastetxe batera bidaliko dira, haiek lehen bertso honen erantzuna edo jarraipena asmatu dezaten. Horrela jarraituko da, lan kolaboratiboan, ofizio bakoitzeko lau bertso osatu arte.
Azkenean, ikastetxe eta ikasle talde ezberdinen artean egindako produkzioak Power Point programaren bitartez aurkeztuko dira. Horretarako, testuaz gain, ahotsa eta irudiak ere txertatuko dituzte. Azken produktu hauek gure web gunean jarriko dira denen gozamenerako.

Hurrengoetan jarraituko dut gehiago zehazten.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home