BERTSOLARITZA ESKOLAN

2006-12-17

Bertso abentura


Gabonetako oporrak bertan ditugula eta, Bertsozale Elkarteak, Aguraingo Udalarekin batera, umeei zuzendutako barnetegi batean egonaldi bat antolatu du. Albeizen izango da eta hiru eguneko iraupena izango du. Bertan era askotako ekintzak prestatu dituzte: bertsolarien bisitak, tirolina, Gartzen musika taldearen bisita, gaubelak... Ez da ez, aspertzeko astirik izango. Ea jendea animatzen den eta horrelako ekintza interesgarriak aurrerantzean ere indarra hartzen duten.
Informazio gehiago hemen: www.bertsozale.com/agenda//berria_6170.pdf

Betagarriren azken lana


Ez du inongo loturarik Blog honen gaiarekin, baina aprobetxatuz aste honetan Betagarriko lagunak ikastolan izan ditugula bere azken lanaren aurkezpena egiten eta gure neska mutilekin berriketan, post bat egitea bururatu zait. Gainera, aukera izango dut musika txertatzen ikasteko eta hainbat link edo lotura ere jartzeko. Bide batez, Radio.Blog tresna nire Blink List orrian sartu dut.
Esan behar ikastolako Gurasoen Elkartearen eskutik etorri zaizkigula Betagarriko lagunak eta gure ikasleek ez zutela aukera galgu burutik pasatako galdera guztiak beraiei luzatzeko. Ea holako gehiago antolatzen ditugun.

2006-12-09

Bertsoak trukatzen ikastolen artean

Trebatze lanetan ibili ondoren, bigarren hiruhilabetea heltzean suposatzen da ikasleek nolabaiteko trebezia hartu dutela bertsoak egiten. Garaia heldu da hau erakusteko. Gure ikastolan eta Arabako beste batzuetan badira urte batzu Testu telematikoak proiektuan sartu ginela.
Otsailetik aurrera astero saio bat ematen diogu jarduera honi.
-Ikasgela 4 taldetan banatzen da eta bakoitzak bertso bat asmatzen du, aurretik jarritako gai bati lotua.
-Bertso hau emailez dagokion ikastetxeari bidaltzen zaio, hauek honen erantzuna prestatzeko eta hurrengo ikastetxeari bidaltzeko.
-Horrela 4 bertso osatu arte. Azken taldeak, Power Point programa erabiliz, 4 bertso hauekin aurkezpen bat prestatuko du, irudiak eta ahotsak txertatuz. Lan hauek gure proiektuaren web gunean geratuko dira.
Aurtengoak egiteko daudenez sartu hemen eta ikusi iazkoak.

2006-12-03

Ipuina bertsotan


Ekintza polita bezain erraza, garain honetan egiteko aproposa, gabonetako ikastetxeko jaialdian txertatuz oso dotore geratzen dena.

Sekuentzia honelakoa izan daiteke:
- Ipuin ezagun bat aukeratu ( Edurne Zuri)
- Istorioa 6 sekuentzietan banatu
- Sekuntzia bakoitzari dagozkion bukaerak eta oinak jarri guztien artean
- Umeak 6 taldetan banatu eta bakoitzari dagokion sekuentziaren bertsoa osatzeko esan
- Bertsoak buruz ikasi eta entsaiatu gabonetako jaialdian abesteko

Hona hemen aste honetan bertan nire gelako neska- mutilek egindakoa:

EDURNE ZURI BERTSOTAN

Edurne zuri dago
ama gabe, hara
aitari esaten dio
triste bizi zara
Emakumea hartzen du
emazte erara
baina ama ordea
sorgin gaiztoa da

Ispilu bat badauka
egiten distira
goizero egoten da
begira-begira
Ni bezain neska ederrak
inon ba al dira
munduko politena
Edurne zuri da

Erreginak nahi luke
bere heriotza
ehiztariari ematen
dio diru poltsa
Nola sartu neskari
labana zorrotza?
ta eramaten dio
basurde bihotza

Edurne beldurtu da
hainbat zuhaitzekin
eta gero nahastu
animaliekin
Etxe bat aurkitu ta
garbitzeari ekin
oso pozik bizi da
zazpi ipotxekin

Goizean agertzen da
sorgina atean
ematen dio jana
berak bapatean
Edurna erortzen da
beraren aurrean
ta lotan gelditzen da
sagarra jatean

Printzea Edurne zuriz
dago txundituta
esnatu nahi du neska
ta hasi da muxuka
Hau esnatzean dago
hain maiteminduta
eta bukatzen dute
biak ezkonduta

Doinua: Markosek egin eban