BERTSOLARITZA ESKOLAN

2006-12-17

Bertso abentura


Gabonetako oporrak bertan ditugula eta, Bertsozale Elkarteak, Aguraingo Udalarekin batera, umeei zuzendutako barnetegi batean egonaldi bat antolatu du. Albeizen izango da eta hiru eguneko iraupena izango du. Bertan era askotako ekintzak prestatu dituzte: bertsolarien bisitak, tirolina, Gartzen musika taldearen bisita, gaubelak... Ez da ez, aspertzeko astirik izango. Ea jendea animatzen den eta horrelako ekintza interesgarriak aurrerantzean ere indarra hartzen duten.
Informazio gehiago hemen: www.bertsozale.com/agenda//berria_6170.pdf

Betagarriren azken lana


Ez du inongo loturarik Blog honen gaiarekin, baina aprobetxatuz aste honetan Betagarriko lagunak ikastolan izan ditugula bere azken lanaren aurkezpena egiten eta gure neska mutilekin berriketan, post bat egitea bururatu zait. Gainera, aukera izango dut musika txertatzen ikasteko eta hainbat link edo lotura ere jartzeko. Bide batez, Radio.Blog tresna nire Blink List orrian sartu dut.
Esan behar ikastolako Gurasoen Elkartearen eskutik etorri zaizkigula Betagarriko lagunak eta gure ikasleek ez zutela aukera galgu burutik pasatako galdera guztiak beraiei luzatzeko. Ea holako gehiago antolatzen ditugun.

2006-12-09

Bertsoak trukatzen ikastolen artean

Trebatze lanetan ibili ondoren, bigarren hiruhilabetea heltzean suposatzen da ikasleek nolabaiteko trebezia hartu dutela bertsoak egiten. Garaia heldu da hau erakusteko. Gure ikastolan eta Arabako beste batzuetan badira urte batzu Testu telematikoak proiektuan sartu ginela.
Otsailetik aurrera astero saio bat ematen diogu jarduera honi.
-Ikasgela 4 taldetan banatzen da eta bakoitzak bertso bat asmatzen du, aurretik jarritako gai bati lotua.
-Bertso hau emailez dagokion ikastetxeari bidaltzen zaio, hauek honen erantzuna prestatzeko eta hurrengo ikastetxeari bidaltzeko.
-Horrela 4 bertso osatu arte. Azken taldeak, Power Point programa erabiliz, 4 bertso hauekin aurkezpen bat prestatuko du, irudiak eta ahotsak txertatuz. Lan hauek gure proiektuaren web gunean geratuko dira.
Aurtengoak egiteko daudenez sartu hemen eta ikusi iazkoak.

2006-12-03

Ipuina bertsotan


Ekintza polita bezain erraza, garain honetan egiteko aproposa, gabonetako ikastetxeko jaialdian txertatuz oso dotore geratzen dena.

Sekuentzia honelakoa izan daiteke:
- Ipuin ezagun bat aukeratu ( Edurne Zuri)
- Istorioa 6 sekuentzietan banatu
- Sekuntzia bakoitzari dagozkion bukaerak eta oinak jarri guztien artean
- Umeak 6 taldetan banatu eta bakoitzari dagokion sekuentziaren bertsoa osatzeko esan
- Bertsoak buruz ikasi eta entsaiatu gabonetako jaialdian abesteko

Hona hemen aste honetan bertan nire gelako neska- mutilek egindakoa:

EDURNE ZURI BERTSOTAN

Edurne zuri dago
ama gabe, hara
aitari esaten dio
triste bizi zara
Emakumea hartzen du
emazte erara
baina ama ordea
sorgin gaiztoa da

Ispilu bat badauka
egiten distira
goizero egoten da
begira-begira
Ni bezain neska ederrak
inon ba al dira
munduko politena
Edurne zuri da

Erreginak nahi luke
bere heriotza
ehiztariari ematen
dio diru poltsa
Nola sartu neskari
labana zorrotza?
ta eramaten dio
basurde bihotza

Edurne beldurtu da
hainbat zuhaitzekin
eta gero nahastu
animaliekin
Etxe bat aurkitu ta
garbitzeari ekin
oso pozik bizi da
zazpi ipotxekin

Goizean agertzen da
sorgina atean
ematen dio jana
berak bapatean
Edurna erortzen da
beraren aurrean
ta lotan gelditzen da
sagarra jatean

Printzea Edurne zuriz
dago txundituta
esnatu nahi du neska
ta hasi da muxuka
Hau esnatzean dago
hain maiteminduta
eta bukatzen dute
biak ezkonduta

Doinua: Markosek egin eban


2006-11-29

Mainontzi, bertsolaritzaren mahai jokoa


Bertsolaritzaren mahai jokoa osatu du Lankuk. Lankuren webgunean eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Durangoko Azokan jarriko duen erakusmahaian egongo da salgai, 35 eurotan. 12 urtetik aurrerakoentzat da.
Atzo aurkeztu zuten Donostian prentsaurreko batean. Jokoaren funtzionamendua erraza omen da. Jokalariak sei izan daitezke gehienez. Horietako bakoitza euskarri edo maina baten jabe izango da, eta zenbait ataletako galderei egoki erantzun beharko die. Hori eginez gero, peoi bana sartuko du euskarriaren barruan. Sei peoi lortzen dituenak irabaziko du.
1.800 galdera prestatu dituzte guztira, eta hiru mailetan banatu, "zailtasunaren arabera". Hortaz, seiehun maila bakoitzeko. "Maila bateko galderek zailtasun txikia dute. Besteek, ertaina, eta badira, halaber, zailtasun handikoak"
Kaxaren tamaina ez omen da handia, "Olentzeroren zakuan sartzeko modukoa".
Gehiago jakin nahi? Sartu hemen.

2006-11-26

Iazko bidaia gogoan


2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko lana argitaratu dute Lanku eta Bertsozale Elkartearen artean.
400 orrialdeko liburuan, 545 bertso, 100 argazki eta 10 iritzi-kritika. Gainera 2 KD ere bai, 33 bertsoaldirekin.
Txapelketako une ederrenak gogoratzeko ezinbestekoa.

2006-11-24

Bitxikeria

Aurreko post batean bertsolaritza klasean lantzearen aldeko arrazoiak eman nahian ibili nintzen, eta baita batzuk aipatu ere. Baina hala nola aste hontan bertan pasadizo bat gertatu zaidan neure ikasleekin.
Astero bezala bertsolaritza lantzen ari ginen Oihane bertsolariarekin, eta klasearen amaieran okurritu zitzaidan honi komentario bat egitea:
- Aizu Oihane, zuk bai meritoa! Ez duzu ba hiru ordu laurdeneko saio baten nik edozein ikasgaitan ordubetean egiten dudana baino gehiago lortu. Neurekin hartu beharko zaitut matematika eta holakoak emateko.
Honen erantzuna irrifartxo bat besterik ez zen izan, baina Peio, gelako azkarrenetariko bat erne zen une hartan ere, eta bertsolari fin baten modura prest erantzuna:
- Aizu Joxe, zer uste duzu ba? Bertsolaritza "guai" da eta; eta matematikak berriz "kaka" bat.
Gerora, pasadizo honetaz pentsatzen aritu naiz eta ondorio bat atera ere bai: aurreko post hartan arrazoi inportanteena aipatzea ahaztu zitzaidala: umeen MOTIBAZIOA.

2006-11-22

BlinkList

Gaizki ulertu ez badut, BlinkList-en kontu pertsonala sortu ondoren post batean honen berri emateko agindu digute. Nik egin dut nirea eta, trasteatzen ibili ondoren, hainbat web gune gorde ditut bertan. Oso gutxi dira oraingoz, baina aurkitu ahala kopurua handitzen joango naiz. Nire "favoritoetan" asko ditut, baina ez dute gehienek behintzat zerikusirik nire blogaren gaiarekin eta ez ditut hemen sartu.
Bestalde, oso interesgarria iruditu zait tresna berri hau, eta aurrerantzean erabiliko dudalakoan nago. Poliki- poliki bagoaz gauza berri eta interesgarriak ikasten eta hau ere horien artean sartuko nuke nik.
Aurrera ba, lankideok!